XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. BASERRIEN GAURKO EGOERA / 2.1. MERKATUKO SALNEURRIAK ETA KOSTUAK Gure baserriak gehiena saltzen duena esnea eta haragia den ezkero, merezi du bi jenero hoiek merkatuan izaten dituzten gora beherak pixka bat aztertzea.

Edozein enpresak bi jokabide dauzka noiznahi aurrez aurre: sarrerak ahal duen guztia gehitu eta kostuak ahal duen guztia gutxitu.

Esneari dagokionez, mundu guztiak badaki gobernuak ezartzen duela esnea saltzeko prezioa kanpaina bakoitzerako.

Aurtengo igoera, 1975.goa, bestetan baino haundiagoa izan da: 29%.

Behar bada, aurreko urteetan behar zen neurriraino igo ez zutelako eta beheragi zegoelako igo zuten kolpez horrenbeste.

Oraindik ere esnearen prezio ofizialak beheragi daude (begiratu bestela litro esnearen kostutik salmentarako preziora ze alde atera zaizkien), baina halere 1975.go igoera, pauso haundi bat izan da.

Behar bada 1976. urtean beste horrenbesteko igoaldi batek gauzak bere onera ekar zitzakeen; baina 1976.go igoera, zonaz aldatzeak ekarri duena eta guzti,13% ingurukoa izan da, eta ez da iristen kosta prezioak eta salmentako prezioak berdinean jarri-eraztera.